2.1. Arartekoaren ikerketa beka 2016-2017 aldirako
Joan den abenduan, Arartekoak ikerketa-beka bat eman du, 2016-2017 aldirako, honako izenburuko proiektua egiteko: “EAEn errefuxiatua naiz. Nor naiz eta zer eskubide ditut?”. Proiektu hori Casilda Zarauz, Sofía Lucas eta Simona Sobotovicoca ikertzaileek aurkeztu dute.
Arartekoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek osatu dute Hautaketa Batzordea, eta, haien ustez, proiektu horretan zenbait baldintza biltzen dira: adibidez, proiektuaren diseinu egokia eta ikerketa horren erabilgarritasuna, errefuxiatuen arazoak kezka eta ardura sortzen baitizkio Ararteko erakundeari.
Deialdia abuztuan egin zen eta 20 proiektu aurkeztu ziren. Ikerketa-bekaren zenbatekoa 22.000 eurokoa da eta 10 hilabete iraungo du.
Ararteko erakundeak hainbat urtez iragarri izan ditu ikerketa-bekak giza eskubideen arloan. Horrela, bere eginkizunekin bat etorriz, diziplina arteko ikerlana bultzatu nahi izan du giza eskubideen arloan, gure autonomia erkidegoaren lurralde esparruan. Beka horien helburua da giza eskubideak Euskadin zenbateraino ezartzen diren ikertzea, egoerarik txarrenean dauden gizarte-taldeetako bati dagokionez.
2.2. 2015ean iragarritako Arartekoaren ikerketa-beka
Arartekoaren aurreko deialdian, “Pertsonen salerosketak EAEn duen eragina aztergai” izenburuko proiektuak jaso zuen beka, Izaskun Orbegozo ikertzaileak aurkeztutakoak. Horren prestaketa-lana oso aurreratuta dago, bukatzear, eta datozen hilabeteetan argitaratuko da.